2007-05-23

AZKEN HAUSNARKETA

Munduan gero eta eskola esperientzia gehiago daude ikaskuntza instrumentala indartzea lortu dutenak, honekin batera desberdintasunak gutxituz eta gelen arteko solidaritatea bultzatuz. Azken finean, eskola hauek integrazioaren bidea lantzen ari dira. Zoritxarrez, gaur egungo hezkuntza planifikazio ofizialak ez dira larregi arduratzen aipatutako esperientzia hauek ezagutzeaz, ezta beraien teoriak eta praktikak aztertzeaz ere. Baina planifikazio berriak probatzeko beldurra nagusi bada ere, gero eta irakasle eta guraso gehiago dira animatzen dira guztion aldeko apostu hau egitean.

Pertsonalki, horrelako sistema batean lan egitea izago litzateke nire nahia; guztiz konbentzituta nago emaitza ikaragarriak eman ditzakeela sistema honek. Azken finean, utopia bezala har daiteke egoera hau, baina utopia horretara iristea baino , horraino dagoen bidea da interesgarriena. Ni gustura joango nintzateke bide horretatik.

2007-05-21

IKASKUNTZEN KONPARAKETAK


Hona hemen ikaskuntza tradizionala, ikaskuntza konstruktibista eta ikaskuntza dialogikoa azalduta. Taula honetan hiru ikaskuntzak konparatzen dira. Klikatu taularen gainean handiago ikusteko.

2007-05-16

IKASKETA DIALOGIKOAREN HASTAPENAK

Zazpi dira ikasketa dialogikoaren hastapenak:
  1. Elkarrizketa berdintzailea: Ekarpen guztiak argudioen balioen arabera egiten direnean ematen da elkarrizketa berdintzailea, eta ez esaten duena boterearen arabera ezartzen denean. Inork ez du boterea erakutsi behar argudioetan.

  2. Adimen kulturala: Pertsona guztiek antzerako trebetasunak dauzkate, eta hauek giro desberdinetan agertzen dira pertsona bakoitzari dagokionez. Trasferitu egin behar da trebetasun hori aditua den arlotik beste esparru guztietara. Ikasketa dialogikoak giza-interakzioaren dimentsio anitza kontuan hartzen du, eta horri adimen kulturala deitzen zaio. Honen elementu osatzaileak dira: adimen akademikoa, praktikoa trebetasun komunikatiboak. Eta pertsona guztiek azken hauetariko trebetasunak dauzkate.

  3. Eraldakuntza: Urte askotan zehar, uste izan da errealitatea (gizartea eta eskola barne) eraldatzeko aukera ezinezkoa zela, pesimismoa izan da nagusi. Baina hemen, pentsamoldea aldatu behar da, gauzak alda daitezkeela pentsatu. Ikasketa dialogikoak jendearen eta ingurunearen arteko erlazioak eraldatu egiten ditu.

  4. Dimentsio instrumentala: Ikasketa dialogikoak onartu egiten du ikasketa instrumentala: informazioaren aukeraketa eta prozesamendu ahalmenak garatzea. Baina ez du kolonizazio teknokratikoa inposatzen.

  5. Zentzua sortzea: Ikasketa dialogikoa egungo gizarteetako zentzuaren (bizi proiektuaren zentzua) galeraren aurkako baliabidea da. Unibertso infomatizatu honetan, etorkizuneko erronka gizarteriak esistentziaren zentzua birsortzean datza. Eta prozesu honetarako erreferenteak pertsonengan eurengan, eta partaideen arteko erlazioetan, amets eta sentimenduetan aurkitzen dira.

  6. Elkarkidetza: Informazio gizarteak "onenen" selekzioa eta gehiengoaren bazterketa inposatzen du. Hezkuntza praktika berdintzaileak bakarrik elkarkidetzan oinarritu daitezke.

  7. Desberdintasun berdintasuna: Hezkuntza desberdintzapen erreformak gainditzeko bi jarrera beharko dira; alde batetik dibertsitatearen helburutik diferentzien berdintasunaren helburura aldatzea, hau da, aldi berean defendatzea, bai diferentziarako eskubidea eta bai pertsonen oinarrizko berdintasunaren eskubidea. Beste alde batetik, ikasketa esanguratsutik ikasketa dialogikora pasatzea.


OHARRA: Post hau egiteko erabilitako informazio zati bat Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Ikastetxearen Antolamendua ikasgaiko Kepa Perez irakaslearen 2006-2007 ikasturteko apunteetatik ateratakoa da.

Badaude, ala ere, ikasketa edo ikaskuntza dialogikoari buruzko erreflexioak sarean.

2007-05-14

MEXICO

Sylvia Rojas-en hitzetan, Mexikon, 80. hamarkadan, "Unibersidad Autonoma de Puebla" izan zen lehena "Quinta dimension" bezalako proiektuak sortzen (Ikas Komunitateen tankerakoak), bai lehen hezkuntzan, bai unibertsitatean bertan ere.

"Quinta dimension" delakoaren bertsio bat proposatu dute orain Mexiko hirian. Sortzaileak "Laboratorio de Cognicion y Comunicacion (LCC)1 " izan dira, "Facultad de la Psicologia de la UMAN"-ekoak. Beraien proiektuaren izena CACSC da (Comunidades de Aprendizaje para la Construccion Social del Conocimiento)

Programa honetan, hiru erakunde sozial daude Ikas Komunitatearen sorketarako: Unibertsitatea (akademikoak eta ikasleak), lehen hezkuntza (maisu-maistra, ikasle eta zuzendariak) eta inguruko komunitatea (guraso, familia eta bolondresak). Hiru erakunde hauek programari aportazio garrantzitsuak egiten dizkiete, eta era berean, bueltan zerbait jasotzen dute.

Proposamen honetan bi motatako ariketekin oreka lortzen ahalegintzen da. Alde batetik, haurrek sortutako eta beren borondatez parte hartzeko ariketak; eta beste aldetik, helduek proposatutako ariketak, hauetan garapen eta ikaskuntzarako hainbat helburu planteatuko direlarik.

Ikasgelak hainbat txokotan banatzen dituzte proiektu honetan. Haurrekin ere taldeak egiten dituzte eta txoko desberdinetan elkartzen dira irakasle, guraso, ikasle unibertsitario, etab. -ekin batera. Hauek dira txokoak: buruketen ebazpena, komunikazioa, testu literarioa eta testu espositiboa.

2007-05-10

ONDARRUKO IKAS KOMUNITATEA


Ondarroako Zaldupe eskola publikoa ere ikas komunitatea da iada. Hau aprobetxatuz, Juan Bidegain-ek dokumental bat egin du ondarruko umeekin. Hain zuzen ere, dokumentalaren izenburua "Ikas Komunitateak" da eta bertan Zaldupe Eskolako Ikas Komunitate irudikatzen du. Zaldupeko guraso, bolondres eta ikasle taldeak egindako laburmetraila da eta 2007ko Aragoiko Espiello dokumentalekoV. lehiaketan, Eskola Arteko ataleko irabazlea izan da eta Huesca-ko Boltaña herrian argitaratu zen martxoaren 24an.

WALDORF PEDAGOGIA, ARAMAION

Ikas komunitateez gain, badira beste hezkuntza eredu alternatibo batzuk ere, eta horietako bat da, hain zuzen ere, Waldorf pedagogian oinarritutako heziketa.

Rudolf Steiner Filosofia eta Letretan Doktorea izan zen Waldorf eskola sortu zuena. Bere oinarria gizakiarengan eta naturaren gainean duen ezagutza zehatza da. Gizakiaren, eta kasu honetan haurraren ezagutzan oinarritzen da. Askatasuna oinarrizko baldintza da bizitza kulturak sortzailea izan nahi bada. Eskola horiek, "eskola libreak" dira; hezkuntza horretan umea ardatza izanda, umea errespetatuz, eratzen da curriculuma. Honekin batera, berebiziko garrantzia du naturarekiko harremanak.

Aramaioko Azkoaga auzoko eskolan 15 neska-mutiko dabiltza Waldorf pedagogian oinarritutako heziketan murgilduta. Hauek 3 eta 6 urte bitarteko haurrak dira, haur hezkuntzakoak, beraz. Bi urte daramatzate dagoeneko esperientzia honetan eta pozik daude lortutako emaitzekin. Gurasoek ere berebiziko garrantzia daukate proiektu honetan berain parte hartzea ere nabaria delako. Gainera, etxean ere nolabaiteko jarraipena egin behar izaten dute, eskolako eta etxeko errealitateak guztiz desberdinak izan ez daitezen. Gaur egun Azkoagako baserri batean ematen dira eskolak, baina beste leku baten bila dabiltza.

Kontuan hartzen dute eskolako giroa beroa eta goxoa izatea, eta tresna eta baliabide gehienak (mahaiak, jostailuak...) material naturalekin egindakoak dira. Haurrek jolas librean jarduten dute: artoa zuritzzen, josten, gaztainak zuritzen... baina beti ere zerbaitetarako balio duten ekintzetan jarduten dute. Errutina hauek zegurtasuna ematen die haurrei.

Proiektu honetan, Aramaioko eskolan, 8 zatitan banatzen dituzte eskolako ekintzak: jolas librea, gela jasotzea, korroak, hamarretakoa, txiza egin eta eskuak garbitu, paseatzera, ipuina eta agurra.

Honi buruzko artikulua bat Debagoiena osoan banatzen den Goienkaria astekarian dago, Apirilaren 20an argitaratua.

Beste artikulu bat Hik Hasi aldizkarian dator.

LEKEITIOKO IKAS KOMUNITATEA


Lekeitioko eskola publikoan 2000. urtean hasi zuten Ikas Komunitateak proiektua, eta hordutik hona hainbat gauza aldatu dira.

Dagoeneko partaidetza mailan, hurrats batzuk eman dituzte: boluntarioak, komisioak, guraso delegatuen sarea... Metodologian ere aldaketak nabariak dira: elkarreraginezko taldeak, tertuliak... Aurtengoan, helburu nagusi bezala, elkarbizitza hobetu nahi da; eta horretarako, proiektu orokor bat martxan jarri da.

Proiektu honetako helburu nagusiak hiru dira
  • Eskolako alor eta zereginetan gurasoen parte hartzea handitu.
  • Maisu-maistren formazioa bultzatu.
  • Ikasleen ezagupen maila handitu eta harremanak hobetu.
Helburu hauek lortzeko haibat ekintza egingo dituzte urtean zehar eta talde berri batzuk ere sortuko dira arlo jakin batzuetan aritzeko; adibidez, Etorkinen Komisioa, Euskararen Munduarena, Kultur Astekoa...


Gainera irakasleen formakuntzaren barruan hainbat atal landu nahi dituzte bereziki:
ikas komunitateen proiektuari berari buruzko sakonketa, matematikako emaitzak hobetzeko asmoz formazio prozesu sakona, informatikaren arloan irakasleen formakuntza egunerotu eta gaurkotu...

OHARRA: Erabilitako irudiak lekeitioko eskola publikoko orritik hartuak dira.

IKASKUNTZA KOMUNITATEAK SAREAN

Ikasketa komunitateen barruan hainbat esanahi, paktika edo proposamen agertzen badira ere, hainbat elementuk berebiziko garrantzi hartzen dute, horietako bat da teknologia berrien erabilpena.

Gaur egun, informazio eta komunikazioaren teknologiak eskolan sartzeak lujo bat izateari utzi dio eta beharrezko izatera bihurtu da, gure gizartea prozesu teknologikoen eraginpean baitago. Ordenagailua tresna garrantzitsu bihurtu da informazioarekin, jakintzarekin, pertsonekin eta taldeko lanekin interakzioan.

Azken finean, teknologiaren papera hau da: komunikazio prozesuak errastu eta berauen euskarri izatea, eta komunikazioan eta interakzioan sor daitezkeen denbora-espaziozko faktoreak eragindako trabak arintzea.

Almeriako unibertsitateko Antonia Lozano Diaz-ek honi buruzko xehetasun gehiago eta praktikan jartzeko adibideak eskaintzen dizkigu.

2007-05-09

ERALDAKUNTZA PROZESUAREN ALDIAK

Hurrengo aldiak ikastegi bakoitzaren testuingurunearen baitan kokatu eta ulertu beharra dago, eta hezkuntza komunitateak eztabaidatu, adostu eta burutzen du.
Ikasketa Komunitate bihurtzeak bi aro nagusi ditu:
1- Martxan abiatzea
2- Sendoketa (konsolidazioa)

MARTXAN ABIATZEA

- Sentsibilizazioa: Eraldakuntza proiektuaren lerro nagusiak ezagutu behar dira, testuingurua aztertu behar da eta egungo zientzia sozialen bilakaera eta hezkuntza ereduak ezagutzea. 30 ordu inguruko formakuntza eskatzen du; eskolako egoera, arazoak, aukerak, inplikazioak kopmentatzen dira, eta baita lan egiteko moduak ere. Hemen Ikasketa Komunitate proiektuaren oinarrizko hastapenez informazioa helaratzen zaio komunitate osoari.

- Erabakia hartzea: Komunitate osoak hartutako konpromezuaren arabera, eraldakuntza proiektuaren hasiera erabakitzen da. Gutxi gora behera hilabete osoa irauten du etahezkuntza komunitatearen adosketa eskatzen du. Erabaki honen baliorako klaustroaren, zuzendaritza taldearen, eskola batzordearen, gurasoen asanbladaren eta hezkuntza sailaren oneritziak behar dira. Pertsona koordinatzailea izendatzen da.

- Ametsa: Ikaslegoaren, failien eta irakaslegoaren gogo edo ametsak planteatzen dira. Hemen hasten da eraldakuntza prozesua. Aldi hau zein eskola mota amesten den eztabaidatzean datza.

- Lehentasunen aukeraketa:Errealitatea ezagutuz eta egungo baliabideak kontuan hartuz, ametsaren aukerak eta lehentasunak ezartzen dira. Orain, eraldakuntza prozesuaren jarduera zehatzak lehenesten dira, eta egin beharreko aldaketak identifikatu. Ordutegi zabalagoaren aldeko eskaintza kontuan hartuko da, komunitatearen partaietzak hori posible egiten duelako.

- Planifikazioa: Eraldakuntza plana aktibatzen da, jarduera talde desberdinak antolatu eta erabakitako lehentasunak aurrera ateratzeko lan taldeak sortuko dira. Aldi honek bi hilabete iraun ditzake eta komunitate osoa izango da erabakiak hartuko dituena.


SENDOKETA EDO JARRAIPENA

- Ikerketa: Berriztatu eta esperimentatu hobetzeko (akzioan oinarrituz hausnartu).
- Formazioa: Lan taldeak eskaturiko interesen eta premien araberako formazioa.
- Ebaluazioa: Prozesuaren (erabaki, partaidetza eta emaitzen) etengabeko balorazioa.

OHARRA: Post hau egiteko erabilitako informazio zati bat Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako, Ikastetxearen antolamendua irakasgaiko Kepa Perez irakaslearen 2006-2007 ikasturteko apunteetatik ateratakoa da.

MUNGIAKO IKAS KOMUNITATEA

Mungiako institutoan orain dela hiru urte hasi ziren guztiok ikasi, guztiok irakatsi lemapean lanean. Garai hartan, ikasleen artean aniztasun handia zeukaten, gero eta etorkin gehiago etortzen ziren, eta eskola porrota handiegia zegoen.

Bertako 10 irakaslek Garatu-n ikastaroa egin zuten 2002-2003 ikasturtean, Ikas Komunitatea zer zen ezagutzeko eta irakasle hauetatik abiatuta irten zen proiektua martxan jartzeko ideia eta klaustroan arrera hona izan zuenez abian jartzea pentsatu zuten.

Bi pauso eman zituzten: alde batetik irakasleen formakuntza, eta beste alde batetik, apurka-apurka eta modu malgu batean jartzea martxan proiektua. Formakuntza bukatu ostean helburuak eta lehentasunak finkatu zituzten. Garbi zegoen guztien artean erabaki behar zutela zer nolako ikas komunitatea nahi zuten erabakitzeko. Ekintza honi Ametsa izena jarri zioten, ikasturte horretan irakasleen, gurasoen eta ikasleen ametsak jaso baitzituzten.

Pixkanaka-pixkanaka, prozesua martxan jarri da boluntario batzuen laguntzarekin eta bakoitzak ahal duena jarriz (guraso askoren inplikazioa lortu dute). Ibilbide oso luzea bada ere, emaitz batzuk ikusten hasi dira soilik hiru urtetan: Lanbide Hastapenerako Ikastegia desagertu egin da ikaslerik ez dagoelako, lehen ikasle gehiegi zeukan zaintza gela orain hutsik dago, lan egiten ez zuten ikasleek orain talde interaktiboetan lan egiten dute...

ZERTARAKO SORTU DIRA?

Ikaskuntza Komunitateak XXI. mendeko hezkuntzaren premia eta erronkei aurre egiteko sortu dira. Hauek ondoko alderdietan laburbildu daitezke:
  • Desberdintasunak gainditzeko. Informazioaren gizartean hezkuntza-berdintasunaren aldeko apustu argia egin behar da, pertsona askok bizi dituzten gizarte bazterketako prozesuei eta desberdintasun-egoerei aurre egingo bazaie. Honela kieetako bakar batek ere goi-mailako ikasketarik ez duen familietatik datozen ikasleen artean nagusi den porroterako joera alderantzikatu nahi da.
  • Pertsona guztiei gaur egun premiei aurre egiteko kalitatezko hezkuntza bat eskaintzeko. Pertsona guztiek eskolan urte batzuk eman behar dituztenez gero, eskola funtsezko espazioa izan daiteke gaitasunak garatzeko eta guztiok informazioaren gizartearen barruan egoera beriei aurre egiteko tresnak garatzeko. Adierazitako gaitasun hauetako batzuk ondokoak dira:
- Informazioa prozesatzea, aukeratzea eta sortzea edo aplikatzea.
- Malgutasuna, talde-lana, erabakiak hartzea, autonomia.
  • Pertsona guztiei elkarrizketa eta kritikarako gaitasuna eskaintzeko, berdintasunezko eta kultur arteko gizarte solidarioa erikitzearren. Eskola elkarrizketarako gaitasun hori garatzeko funtsezko sozializazio-espazioa da. Talde desberdinen eta kultura desberdinen arteko elkarrizketa, komunitatea osatzen duten agente desberdinen (ikasleen, irakasleen, familien, irakasleak ez diren langileen, elkarteen, hezitzileen...) arteko elkarrizketa.
Bere helburua hezkuntza praktiken aldaketa da, hezkuntza idealak etengabeko utopiak bihurtu ahal izateko:
- Irakasteko eta ikasteko ilusioa esnatu.
- Kultura, estatus, genero, zein errendimenduaren arabeako bazterketa eta etiketatu sentimendua ekidin.
- Kalitatezko hezkuntza eskaini.
- Berrikuntza arloan irakaslegoaren autonomia gehitu.
- Ikasgeletan esperimentatu eta ikasi.
- Ikastegietan sendien partaidetza bultzatu eta seme-alaben hezkuntza partaide izatearen sentimendua erraztu.

OHARRA: Post hau egiteko erabilitako informazio zati bat Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Ikastetxearen Antolamendua irakasgaiko Kepa Perez irakaslearen 2006-2007 ikasturteko apunteetatik ateratakoa da.

2007-04-23

EUSKO JAURLARITZA

Eusko Jaurlaritzak deialdia egin die Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako Herri Ikastetxeei, 2006-2007 ikasturtean zehar "Ikas komunitateak" deritzon Hezkuntza Beharrizaneko Proiektua burutu dezaten.

Argi dago gizartearen kohesiorako oinarriak finkatu behar direla, balore-hezkuntza, zeharkotasuna, kultur artekotasuna, garapenerako hezkuntza, eta bizitza eta bakerako hezkuntza eta gisa honetako gaiak landuko dituen hezkuntzako jarduketa aktiboa bultzatuz; horretarako guztirako, jakina, arlo horiek lantzeko proiektu berriztatzaileak sustatu behar dira ikastetxeetan. Honetarako, Ikas Komunitateak izan daitezke egokiak.

Ikas Komunitateak burutzeko diru-zuzkidura eska daiteke Eusko Jaurlaritzara, zuzkiduraren zenbatekoa 88.000 €koa izango da, eskaria onartua bada.
Bi eratako eskaerak egin daitezke:
- I. moduluari dagokiona: Sentsibilizazio Aldia eta Erabakia Hartzea. Proiektuari buruzko prestakuntza eta proiektu hori ikastetxean aurrera eraman ala ez erabakitzeko izango da. Oinarri teorikoak planteatu, esperientzia praktikoak eta ikastetxearen beraren errealitateari buruzko hausnarketa egin behar da. Prestakuntza honek ez dakar berez Ikaskuntza Komunitateen proiektua aurrera eramateko konpromisorik; izan ere aurrera egitea erabakitzen bada hartuko da konpromiso hori eta, honela bada, hurrengo ikasturtean II.modulua eskatuko da.
-II. moduluari dagokiona: Proiektua gauzatzea. Eskabidean adierazi behar dira proiektuaren barruan ikasturtean gauzatuko diren jarduerak.

Proiektu hauek garatzeko onets daitezkeen ikastetxeen gehienezko kopurua alde batetik 16koa izango da, baldin eta aurreko urteetan Berriztapen Proiektua garatzen jardun badute (II.modulua). Eta 10ekoa Berriztapen Proiektua hasten badute (I.modulua).

Azken finean, diru-laguntzak eskatu ahal izateko hainbat baldintza bete behar ditu ikastetxeak. Baldintza hauek betetzen dituzteneko zihurtasuna izan behar da. Baldintza guztiak, epeak, etab. azaltzen dira Eusko Jaurlaritzak ateratako zirkularrean.

2007-04-16

MAIALEN GOROSABEL

Nire izen abizenak Maialen Gorosabel Arrieta dira eta 20 urte ditut (1986-9-9). Lea Artibai eskualdean kokatuta dagoen Etxebarria herrian jaio nintzen eta bertan bizi naiz gaur egun ere.

Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan ari naiz nire ikasketak burutzen, Haur Hezkuntza espezialitatean. Blog hau Teknologia Berriak ikasgairako ari naiz egiten, notaren %60a balio du, beraz, komenigarria izango da itxuroso egitea.

Nire helbide elektronikoa honakoa da: maialgoro@yahoo.es

ZER DIRA IKASKUNTZA KOMUNITATEAK?

Ikaskuntza komunitateen proiektua azaltzekotan, gaiari buruz asko idatzita badago ere, honakoa litzateke: hezkuntzaren praktikan aldaketa eragiteko proiektu bat da eta aldaketa honen bitartez, industri gizartea informazio gizarte bihurtzeak eta gaur egungo gizartean gertatzen ari diren gainerako gizarte aldaketa guztiek sortarazten dituzten eronkei eta premiei berdin erantzuten ahalegintzen da.

Rosa Maria Torres- en hitzetan, ez da eredu itxi bezala planteatzen, hezkuntza politika eredu bezala baizik; hezkuntza edo kulturaren garapen eta eraldaketa esparru baten inguruan zentratzen da, herri protagonismoa izango duelarik. Ikaskuntza komunitateak proiektu lokal eta naziolal baten parte dira, eta honek, sektorizazioaren apurketa ekarriko du. Ordez, aliantza operatiboak egin beharko dira: bai gradu txikian (ikaskuntza komunitatean bertan), eta bai gradu handiago batean ( hezkuntza politika, politika soziala, politika ekomonikoa...). Gainera, ikaskuntza komunitateak hezkuntzaren alde integral eta sistematikoa barne hartzen du, ikaskuntza eta kulturan zentratuz.

Ramon Flecha Garcia-k dioen bezala, ikaskuntza komunitateak, hezkuntza zentro baten eta bere inguruaren aldaketa sozial eta kulturalean zentratzen dira, elkarrizketa ikaskuntzan oinarrituz. Honek, guztia berreraikitzea suposatzen du; gelatik hasi eta zentroraino, zentroak komunitate, herri edo auzoarekin dituen harremanak... guztia aldatu behar da, beti ere elkarrizketan oinarrituz.

Komunitateko jendeari ateak irekitzean ikaskuntza komunitatetan bihurtu diren eskolak dira. Era honetan, berdintasunezko hezkuntza eskainiko dio informazio gizarte bihurtu den industria gizarteari (Castells, 1997-1998/1996-1997). Prozesu honetan, ikaskuntza, gelan, etxean eta kalean gertatzen denaren menpe egongo da gero eta gehiago, eta gero eta gutxiago gela barruan gertatzen denaren menpe (Castells 1994). Funtsean, ikaskuntza komunitateek abiapuntu bat izango dute: haur guztiek izango dute hezkuntza eskubidea, non hezkuntza horrek ez dituen kondenatuko batxilergoa ez bukatzera eta lanpostu bat ez lortzera.

Azken finean, ikaskuntza komunitateak elkarrekin ikasten duten pertsona talde batek osatzen du, tresna berdinak erabiltzen dituzte eta testuinguru berdinean ikasiko dute. Eskola porrota eta elkarbizitzako arazoak gainditzeko modua izango da, irakasleek, ikasleak, familiartekoek, elkarteek eta komunitateko bolondresek elkarrekin lan eginda. pertsona guzti hauek talde bat osatuko dute eta eta proiektu komun batean bilduz, geletan sartuko dira irakasleari laguntzeko.

Ikaskuntza Komunitatea ikastegi bateko eta bere ingurunearen eraldakuntza sozial eta kultural proiektu bat da, ikasketa dialogikoan oinarrituta, eta komunitatearen partaidetza-hezkuntzaren bidez pertsona guztientzat Informazioaren Gizartea lortu asmoz.

OHARRA: Post hau egiteko erabilitako informazio zati bat Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako, Ikastetxearen antolamendua irakasgaiko, Kepa Perez irakaslearen 2006-2007 ikasturteko apunteetatik ateratakoa da.

ZERK BALDINTZATU DITU?

Ikaskuntza komunitateak historikoki ezagunak izan dira herrialde askotan, baina gaur egun oso garrantzitsu bilakatu dira hainbat faktorek baldintzatuta:
  • "Komunitatearen garapena"-ren aldeko jarrerak. Hau globakizazioak, eta honekin batera etorri den tokian tokiko izaera mantentzearen aldeko joerak ekarri du.
  • Estatuaren papera txikitzeak, deszentralizazio prozesuak, gizarte zibilaren konplexutzeak, eta azken finean, hiritarren gero eta esku-hartze handiagoak hainbat arlotan, horien artean hezkuntza.
  • Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (TICs) modernoen gero eta zabalkunde handiagoak.
  • Hezkuntza eta ikaskuntzari emanten zaion gero eta garrantzia handiagoak.
  • Aniztasunaren aldeko gero eta apostu handiagoak, eta honek ekarri duen hezkuntza eskaintzak zabaltzeko beharrak: aukera desberdin eta berritzaileekin aprobak eginez, momentura eta testuingurura moldatuz.
  • Eskola sistemarekin desadostasunak eta eskola erreforma baten beharrak.

2007-04-12

SARRERA

Blog honen gaia IKASKUNTZA KOMUNITATEAK da. Gai hau aukeratu dut gero eta sarriago entzuten delako hezkuntzaren praktikan aldaketa eragiteko proiektu hau. Oso interesgarria da proiektu honek dakarrena eta eragin ditzakeen aldaketak hezkuntzan.

Proiektu honen garrantzia azpimarratu nahi dut artikulu guztietan zehar, proiektua bera zertan datzan azalduz, praktikara eramateko eman beharreko pausuak markatuz, proiektu hau martxan jarri dutenen adibideak jarriz, etab.

Gure gizartea etengabe aldatzen ari da eta hezkuntza ere gizartearekin batera joan behar da aldaketa prozesu horretan. Dena den, aldaketa guzti hauek ez dute eragin bera pertsona guztiengan eta adierazitako prozesuekin batera bestelako gizarte-bazterketako pertsonak ere agertzen dira: lanik ez dutenak, lana lortzea zaila duten pertsonak, oinarrizko titulazioa lortu aurretik eskola-porrota edo eskola-uztea nagusi den gizrte taldeak, bazterketa egoeran bizi diren gutxiengo etnikoak... Gainera gizartearen zein eskolaren esparruan gora egin dute egoera gatazkatsuek.

Guzti honi aurre egiteko hezkuntzak eskuartze zuzena izan behar du eta guzti hau gainditzeko edo nolabait egoera hobetzeko da, hain zuzen ere, ikaskuntza komunitateen proiektu hau.


Artikulu hauek idatzi ahala, informazio ugari aurkitzea eta proiektu honetaz gehiago jakitea da nire asmoa, nire ikaskuntzarekin batera ikaskide eta gainerako jendearen eskutan utziz jasotako informazioa, informazio horren iturriak eta nire artikuluak.

Bestalde, bitakora hau burutu ahala Teknologia Berriei buruzko ideiak eta praktika aberastea ere bada nire helburua, etorkizunean oso baliagarri gertatuko zaizkidalakoan.